Hasiera > Prentsa oharra > UDALBILTZA ASKE! GUZTION ARTEAN LORTU DUGU!

UDALBILTZA ASKE! GUZTION ARTEAN LORTU DUGU!

Apirila 13, 2011

Gaurko agerraldia ez da agerraldi tipiko bat. Ez dakargu albiste berririk, baina bai albiste horri lotutako esker emate publikoa; baita etorkizunari itxaropenez eta gogotsu ekiteko deia ere.

Udalbiltza auzia behin betiko bukatu da. Pasa den astean jakin zen absoluzio epaia irmoa eta behin betikoa dela Espainiako Auzitegi Nazionalaren aldetik. Ez da egon helegiterik. Bukatu da amesgaiztoa.

Bertan EA, ARALAR, EZKER ABERTZALEA, ALKATEAK: ELORRIO (NIKO), BERGARA (AGURNE), ARRASATE (INO), PASAIA (MAIDER), LEZO (AITOR)

BAI EUSKAL HERRIARI, ESAIT, EHE, LOKARRI, BAI UDALBILTZARI SAREKIDEAK, HIRU eta EHNE, beste batzuen artean.

Benetako amesgaizto baten kalteak


Kalteak eginak geratzen dira, hala ere. Eta hori ez dago ahaztutzat ematerik. Estatuak polizia eta epaitegiak erabili ohi ditu bere helburu politikoetarako. Eta horrela egin zuten 2003ko apirilean Udalbiltzarekin ere: instituzio publikoaren jarduera bortxaz oztopatu zuten, eta urte hartako udal hauteskundeetako parte-hartze demokratikorako eskubide eragotzi, bide batez.

Kalte pertsonal larriak eragin ditu ia zortzi urteko prozesamenduak:

-13 pertsona atxilotuta eta kartzeleratuta. Sei hilabete eta urte eta erdi artean egon ziren kartzelan.

 

-Pertsona horiek hilabete honetara arte egon dira baldintzapeko errejimenean, diru fidantzak ordainduta, Espainiako estatutik ezin irtenda, eta pasa den irailera arte aldiro epaitegian sinatzera joanez (batzuk bi astean behin, beste batzuk astero, bat bi egunez behin).

-22 pertsona auzipetu dituzte. Horietatik lau alkateak ziren Udalbiltzaren kontrako auzia abiatu zutenean, eta beste hamabost, zinegotziak. Beste hirurak Udalbiltzako langileak ziren.

-Zigor eskari gogorrei egin diete aurre auzipetuek: 10-15 urte arteko zigor eskariak fiskaltzaren aldetik, eta 15-23 urte artekoak Dignidad y Justicia elkartearen aldetik.

Eta kalte politikoa ere nabarmena izan da.

-Udalbiltzaren, Udalbiltza Partzuergoaren eta Euskal Garapen eta Kohesio Funtsaren lana eragotzi, oztopatu eta bahitu du prozesamendu luze honek.-

-Bulego publikoak bortxaz itxita.

-Materiala kenduta.

-Udaletxeek Udalbiltza Partzuergoari emandako diru publikoa bahituta,

-Herritarrek euren borondatez Zuberoa Garatzen egitasmorako emandako 400.000 euroak bahituta.

-Instituzio publiko demokratiko bat ‘lan klandestinoa’ egitera behartuta.

 

Eskubide zibil eta político guztien defentsa irmoa, lehen eta orain

Udalbiltzak bere sorreratik eta bide guztian, oztopoak eta eragozpenak gaindituz, koiuntura politiko gogor eta ankerrenetan ere, bere lana printzipio guztiz demokratikoetan oinarrituta egin du: eskubide zibil eta politiko guztien defentsa izan da bere ipar orratza, eta udalerrien arteko nazio mailako lankidetza lanabes modura erabilita, Euskal Herria nazio modura eta bertako herritar guztiak eskubidedun subjektu direla aldarrikatu izan du, berton zein kanpoan. Eta hori egin du, beti ere, Euskal Herri osoko udal hautetsien borondate askea ardatz eta muga bezala izanik.

Orain, ia zortzi urteko zigor injustuaren ondoren, Espainiako Auzitegi Nazionalak berak berretsi du Udalbiltzaren jardueraren zilegitasuna.

Beraz, beti esan dugun bezala, orain epai baten zigilu eta guzti, diogu berriro: Udalbiltza tresna baliagarria zela eta dela Euskal Herrian bake eta demokrazia egoera erdiesteko, eta Euskal Herria nazio bezala garatzeko. Tresna beharrezkoa, zilegia eta posiblea.

Eskerrak emateko eta aurrera begiratzeko unea da

Udalbiltza aske da.

Baina, ez da aske kasualitatez.

Auzipetu guztien absoluzioa eta Udalbiltza instituzioaren askatasuna posible izan bada, era guztietako pertsona eta taldeen elkartasun eta salaketa dinamika emankor eta eredugarriari esker izan da.

Guztiei eskerrak emateko, eta aurrera begira ere Udalbiltza instituzioaren beharrezkotasuna aldarrikatzeko, EKITALDI PUBLIKOA EGINGO DUGU, UDAL HAUTESKUNDEAK IGARO ONDOREN.

Ajendan egun hori gordetzeko deia egiten dizuegu, Euskal Herria aintzat hartzen duzuen eta eskubide guztien defentsaren aldeko zareten herritar eta gizarte eragileoi.

Eskerrak emanez amaituko dugu. Inor eta ezer ere ahaztuko ez dugunaren esperantzan.

 

Atalak:Prentsa oharra Laburpen hitzak:
Follow

Get every new post delivered to your Inbox.